Berriak

Garbiketa industrialean trebatzeko ikastaroa eskainiko du Tolosaldea Garatzenek urrian

Irailaren 28tik urriaren 26ra luatuko da eta saioak goizez izango dira, 9:30etik 14:30era

2020·09·17


Gainazalen garbiketan trebatzeko ikastaroa izango da, iraila eta urrian zehar, Lehiberri Zentroan. Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailak antolatutako saioa da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

45 urteko pertsonei bideratutako ikastaroa da, helburu duena gaitzea enpresen, komertzioen, hotelen eta apartamentu turistikoen garbiketan. Osasun krisi egoeran izanik, gainera, arreta berezia jarriko zaie COVID-19a saihesteko prozedura eta protokolo zehatzei.

Sei modulotan banatuko da ikastaroa. Lehen moduloan, eraikin eta lokaletako zoru, horma eta sabaien garbiketa, tratamendua eta mantenua jorratuko dituzte; bigarrenak barruko altzarien garbiketa izango du hizpide; hirugarrena eraikinetako kristalen garbiketaren ingurukoa izango da; laugarrenak makinak erabiliz, garbitzeko teknika eta prozedurak emango ditu ezagutzera; bosgarrena turismo establezimenduen garbiketa eta egokitzean zentratuko da; eta azken moduloan, lana aurkitzeko erremintak erabiltzen erakutsiko da.

Metodologia teoriko-praktikoa erabiliko da modulo guztietarako; hau da, edukien azalpenak eman eta ariketak egin ostean, lan horietako bakoitzarekin saio praktikoa egingo da.

Ikastaro osoan zehar, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailak jarraipen pertsonalizatua egingo die parte hartzaile guztiei, lan aukerak sustatu asmoz. Batik bat, arreta jarriko zaie prestakuntza maila baxuko eta lan merkatuari begira ahultasun egoeran dauden horiei.

Irailaren 28an hasiko da

Eskolak astelehenetik ostiralera izango dira, 09:30etik 14:30erako ordutegian, Lehiberri Zentroan, Apatta erreka industrialdean. Lehen eguna irailaren 28a izango da, astelehena, eta urriaren 26ra arte luzatuko da.

Izena emateko, lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo 943 65 45 01 telefonora deitu beharko da, irailaren 24a baino lehen.