Berriak
Atzealdea Alegia Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua erabiltzen duten pertsonen medikamentuen erabilera hobetzeko programan sartu da
2025·03·10
Alegiak bat egin du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak bultzatutako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin. Regina Sorarrain Lasa alkateak, gaur goizean, udalerria programara atxikitzeko akordioa sinatu du Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazarekin eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidente Miguel Angel Gastelurrutiarekin. Elena Arratibel, Alegiako farmaziako arduraduna ere bertan izan da, Udaleko zinegotzi eta gizarte zerbitzuetako arduradunekin batera.
Alegia gehituta, jada 49 dira programan parte hartzen duten Gipuzkoako udalerriak (151 Euskadin). Programaren helburu nagusia da sendagaia errazago eskuratzea eta tratamendua behar bezala betetzen dela bermatzea, medikazioaren erabilera eta atxikidura hobetuz. Horretarako, herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin eta/edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jarduten dute sendagaiak eskuratu, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duten alderdi guztietan.
Programa honetan parte hartzeko, Gipuzkoan 277 farmazia akreditatuta daude, eta hauek 600 herritar baino gehiagorentzako botikak prestatzeaz arduratzen dira.
Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak nabarmendu duenez, etxez etxeko laguntza-zerbitzuek artatutako pertsonen medikazioaren erabilera hobetzeko programa hau abian jartzeak helburu bikoitza du. "Alde batetik, gure gobernu-programa betetzea, farmaziak osasun-agente gisa indartuz eta haiekin lankidetzan arituz; eta, bestetik, pertsonak gure jardunaren erdigunean jartzen ditugu, haien beharrei erantzuteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko", adierazi du.
Farmazia komunitarioa funtsezkoa atxikidura terapeutikoan
Alegiako alkate Regina Sorarrainek gogorarazi du Udala dela herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea, eta, ildo horretan, "gure lehentasunetako bat adinekoen ongizatea bermatzea da. Oso modu positiboan baloratzen ditugu ekimen horiek, pertsona horien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzen baitute".
Gipuzkoako udalerri horretan 1.859 pertsona bizi dira eta farmazia bat dago. Farmaziako titular Elena Arratibelek akordioa sinatu ondoren adierazi duenez, "farmaziatik gure aletxoa jarri nahi dugu herritarren osasuna hobetzeko. Programa honen bidez, pazienteek sendagaiak zuzen hartzea lortu nahi dugu, modu okerrean hartzeari lotutako arazoak saihestuz, hala nola tratamenduaren bikoizketak eta tratamendua ez betetzea".
Dosifikazio-sistema pertsonalizatuak
Programaren funtzionamenduari dagokionez, udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzak programan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen ditu, eta pertsona horiek, programan sartu aurretik, baimena eman behar dute. Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du eta elkarrizketa bat egiten zaio. Elkarrizketa horretan oinarrituta, fitxa bat betetzen da hartzen duen medikazioari eta osasun-arazoei buruzko informazioarekin. Ondoren, hamabostean behin edo astean behin, farmazialariak dosifikazio pertsonalizatuetan banatuta prestatzen eta entregatzen ditu botikak.
Horretarako, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (DSP) erabiltzen dira. Horietan, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen pilulak jartzen dira, dosia behar bezala hartzeko behar den informazioarekin batera.