Berriak

Atzealdea Gaztaina jatearekin hasiko da igandean Gabonetako Kultur Egitaraua

Urtarrilaren 5era bitartean adin guztietako herritarrei zuzenduriko ekitaldiak izango dira

2019·12·10


Hiru astez luzatuko da aurtengo Gabonetako Kultur Egitaraua. Igandean, abenduak 15, hasiko da gaztaina jatearekin eta urtarrilaren 5eko errege kabalgatak emango dio amaiera. Ohiko hitzorduak izango dira nagusiki egitaraua osatuko dutenak. Olentzeroren etorrera, San Silbestre krosa, abesbatzen kontzertuak, pilota topaketa...

Abenduaren 15ean gaztaina erreak banatuko dira 18:00etatik aurrera plazan. Hilaren 18an, asteazkena, Loatzo musika eskolako ikasleen emanaldia izango da 18:30ean kultur etxean eta musikarekin jarraituz, Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek gabonetako kontzertua eskainiko dute abenduaren 22an 18:30ean elizan.

Abenduaren 24ean, asteartea, Alegiako Herri Eskolako ikasleak kantuan ibiliko dira herriko kaleetan 11:00etatik aurrera. Arratsaldeko 16:30ean Txintxarri abesbatzak hartuko die erreleboa eta 18:00etan Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira Alegiara. Eskola aurrean itxarongo zaie eta ondoren plazara joango dira. Hurrengo egunean, Txintxarri abesbatzak meza nagusian abestuko du 11:15ean.

Abenduaren 26tik 30era Intxurre pilota eskolak antolatutako gabonetako topaketa jokatuko da. 26an eta 27an sailkatze partidak jokatuko dira Elorri pilotalekuan eta hilaren 30ean, astelehena, finalak Ikaztegietan. Urtea ondo amaitzeko, abenduaren 31n San Silbestre krosaren hamargarren ekitaldia egingo da. Aurten, probari lehiakortasuna kentze aldera, ez da sailkapenik eta saririk izango lehen postuan helmugaratzen direnentzat eta izena emateko epea zabalik dago kultur etxean abenduaren 18ra bitartean.

Urteko lehen egunean Txintxarri abesbatzak meza nagusian abestuko du 11:15ean eta 12:15ean udal hautetsiek mandarinak eta intxaurrak banatuko dituzte plazan. Urtarrilaren 2an Iturri Zahar guraso elkarteak antolatuta Txuri Urdinera irteera bat egingo da eta azken ekitaldia, urtarrilaren 5eko errege kabalgata izango da. 18:00etan iritsiko dira erregeak Orendaingo bidetik.