Berriak

Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak herriko kirol ekipamenduen lanak bisitatu ditu

Erakundeak ekarpen nabarmena egin du aldagelen eraberritzean zein futbol zelaiko harmailetan eta Udalak esker ona azaldu dio

2024·10·03


Astelehenean Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria den Marta Pastor Alegian izan zen. Herriko kirol ekipamenduetan egiten ari diren lanak ikuskatzera etorri zen eta Regina Sorarrain, Pili Palomares eta Maria Jesus Gaztañaga udal ordezkariak eta udal teknikariak izan zituen bidelagun bisita horretan.

Alde batetik, kultur etxeko aldagelak eraberritzeko lanak bisitatu zituzten. Lanak dezente aurreratuta daude eta hasierako iragarpena betez, azarorako amaituta izango dira. Eraberritze horren ostean, erabiltzaileek aldagela txukun batzuez gozatzeko aukera izango dute, instalakuntzek eskatzen dutenaren neurrikoak. Lan horiek 500.000 euroko aurrekontua izan dute eta Foru Aldundiak 235.000 euroko laguntza eman du.

Horrekin batera, Elorri futbol zelaian ezarriko diren harmailen lanak ere ikuskatzeko aukera izan zuten. Kasu honetan ere lanak martxan dira eta 170.000 euroko aurrekontua izango dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euroko ekarpena egin du, epe laburrean, futbol zelaira partidak ikustera doazen zaleek, futbola ikusteko gune eroso eta estali batez gozatu ahal izateko.

Udal ordezkariek aurrez aurre eskertu ahal izan zioten Marta Pastorri, Foru erakundeak Alegiako azpiegitura horietan lanak gauzatu ahal izateko egindako ekarpena. Izan ere, laguntza horiek gabe ezinezkoa izango litzateke horrelako lanak gauzatu ahal izatea.