Berriak

Atzealdea Giro ederrean egin zen Santa Ageda bezperako Kantu Eske Herrikoia

Kantariz, bertsolariz eta musikariz osaturiko 70 lagun inguruko taldea ibili zen kalez kale

2024·02·13


Otsailaren 4rako Santa Ageda bezperako Kantu Eske Herrikoia antolatua zuen Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak. Ohi bezala, herritarrei parte hartzeko deialdia luzatu zitzaien eta 70 lagun inguru atera ziren kalera. Kantariak, bertsolariak eta musikariak elkartu ziren eta betiko koplekin batera, Hodei Lopez eta Maialen Akizu aritu ziren bertsotan, hainbat laguntzailerekin. Herriko bertso eskolako kide diren Markel eta Amets Azpilikueta Irazustabarrena anaiak eta Iñaki Artola irakaslea ere aritu ziren kantuan, arratsaldeari umore ukitua emanez.

Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak ekimenaren balorazio positiboa egin du eta eskerrak eman nahi zaizkie parte hartzera animatu ziren herritarrei. Horrekin batera, hurrengo hitzorduaren berri ere eman dute. Sutarri dantza taldeak 25 urte betetzen ditu aurten eta ospakizun ekintza ezberdinak egingo dituzte. Horietako bat martxoaren 22an izango da eta Txintxarri Abesbatza Kultur Elkarteak parte hartuko du. Herritarrei deialdi ireki bat egingo zaien eta entsegurako data ere zehaztuko da.

Argazkia: Patxi Renobales.