Berriak

Atzealdea Giro ederrean jokatu zen Elorri Aldapak antolaturiko 3x3 saskibaloi txapelketa

Cubabies taldea izan zen irabazle eta herriko taldeen parte hartzea igo izanarekin pozik da antolakuntza

2023·07·04


Elorri Aldapa saskibaloi taldeak antolatzen duen 3x3 saskibaloi txapelketaren ekitaldi berri bat jokatu zen iragan larunbatean. Larraitz auzoko plazan jokatu ziren partidak 16:00etan hasita eta euriak uneren batean mehatxu egin arren, lehiaketa normaltasunez egin ahal izan zen.

Hamar taldek hartu zuen parte eta maila handiko txapelketa ikusi ahal izan zen. Herriko taldeen parte hartzeak gora egin du. Lau izan ziren alegiarrez soilik osaturiko taldeak eta horrek poztu egin ditu antolakuntzako kideak. Horrez gain, orotara Elorri Aldapako zortzi jokalarik hartu zuten parte. Talde alegiarrekin batera, Ordiziatik, Urretxu-Zumarragatik eta Tolosatik etorritako taldeak ere aritu ziren. Iazko ekitaldian baino maila orekatuagoa izan zela adierazi dute Elorri Aldapatik eta horrek partiden ikusgarritasuna era areagotu du. Jokalarien artean une oro izan zen giro ona ere azpimarratu nahi izan dute taldetik.

Lehiaketari dagokionean, Tolosatik etorritako Cubabies taldeak lortu zuen garaipena, tartean Elorri Aldapako jokalari baten parte hartzearekin. Finalean Ordiziako Pululu FC taldea menperatu zuten eta hirugarren postuan Otero Boys taldea geratu zen. Talde horretan Elorri Aldapako bi jokalari aritu ziren.

Antolakuntzak balorazio oso positiboa egin du. Elorri Aldapa saskibaloi taldearen ingurutik haratago, herriko jendearentzat antolatzen den saskibaloi festa bat izan nahi du txapelketak eta zentzu horretan, izan dezaketen saskibaloi maila albo batera utzita, herritarrak txapelketan parte hartzera animatu nahi dituzte datozen edizioei begira.

Publikoak ere erantzun ona eman zuen baina Elorri Aldapakoek herriko gazteen falta somatu zuten ikusleen artean. Hurrengo ekitaldiei begira gazteen parte hartze hori indartzea izango dute helburuetako bat. Txapelketan herriko talde gehiago izatea lortu da eta orain ikusle gazteak erakartzea dute jomuga.

Larunbatean gaztetxoak

Uztailaren 8an, larunbata, infantil eta kadete mailetako neska mutilen torneoa jokatuko da eskolako patioan 9:00etatik aurrera. Izena emateko kultur etxera jo edo elorri.aldapa@gmail.com helbidera idatzi daiteke.