Berriak

Atzealdea Giro ederrean jokatu zen Elorri Aldapak antolaturiko infantil eta kadete mailetako 3x3 saskibaloi txapelketa

Antolatzaileak oso pozik agertu dira parte hartzaileen artean txapelketan zehar izan zen giro onarekin

2023·07·10


Elorri Aldapak antolatuta, infantil eta kadete mailetako 3x3 saskibaloi txapelketa jokatu zen iragan larunbatean eskolako patioan. Sei taldek hartu zuten parte. Horietatik lau ziren alegiarrez osaturikoak, hiru mutilen mailan eta bat nesken mailan. Kanpotik etorritako taldeak, Tolosako neska talde bat eta Andoaingo mutil talde bat izan ziren.

Denek denen aurka jokatu zuten hamar minutuko iraupena izan zuten partidetan. Goizeko lehen orduan giro ederra izan zuten baina eguerdirako eguzkiak gogotik berotzen zuen. Lehen fasea amaituta, finalerdiei ekin aurretik hamaiketakoa egin zuten parte hartzaile eta antolatzaileek. Une hori ere polita izan zela adierazi du Elorri Aldapak, jokalarien artean sentsazioak elkarbanatu zituztelako txapelketa nola bizitzen ari zirenaren inguruan.

Finalera Gipuzurekin talde alegiarra eta Andoaingo Ganbara taldeak iritsi ziren. Final oso lehiatua izan zen eta azkenerako garaipena andoaindarrentzat izan zen, 7 eta 6ko markagailu estuarekin.

Elorri Aldapak azken bi asteburuetan egindako txapelketen balorazio oso positiboa egin du. Bietan izan den partaidetzagatik eta txapelketek izan duten harreragatik eskertuta agertu dira eta aldi berean eskerrak eman nahi dizkiete txapelketak egin ahal izateko laguntza eman duten guztiei eta baita parte hartzera animatu diren herriko gazteei ere, beraiek gabe ezinezkoa izango zelako txapelketak egin ahal izatea.