Berriak

Atzealdea Giro ederrean ospatu zen larunbatean Txintxarri Eguna

Uztaritzeko Lapurtarrak abesbatza izan zen aurtengo ekitaldiko gonbidatua

2019·10·21


Txintxarri Abesbatza kultur elkarteak Txintxarri Eguna ospatu zuen iragan larunbatean. Elkarteko bazkideei eskerrak emateko eguna izaten da eta ohi bezala, kontzertu bat eskaini zuten elizan larunbat iluntzean. Kontzertu horri Txintxarri Txiki abesbatzak eman zion hasiera bi abestirekin. Ondoren, Txintxarri Gazte taldeak kantu bat eskaini zuen eta Txintxarri abesbatzak beste lau abestirekin eman zion amaiera alegiarrean saioari. Hiru taldeak Garbiñe Orbegozok zuzendu zituen eta Mariaje Rekondo aritu zen pianoan.

Ondoren, aurtengo ekitaldiko abesbatza gonbidatuaren txanda izan zen. Uztaritzeko Lapurtarrak abesbatzak saio anitza eskaini zuen, estilo ezberdinak uztartuz, Yves Panizzoliren zuzendaritzapean. Emanaldia amaitzeko, Txintxarri eta Lapurtarrek abesbatzek Mendigoizaleak kantua eskaini zuten, txistulariek lagunduta.

Kontzertuaren ostean, bi abesbatzetako kideek elkarrekin afaldu zuten.