Berriak
Atzealdea Gomazko paletan Intxurreko bi bikoteren arteko lehia ikusi ahal izango da ostiralean Elorri pilotalekuan
2016·10·24
Intxurreko pilotariek Gipuzkoako txapelketako partidak jokatzen jarraitzen dute. Lehen ligaxkak ari dira kasu batzutan amaiera aldera iristen eta eskuz binaka, lehian diren bost bikoteek hurrengo fasera sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute, jardunaldi gutxiren faltan. Gomazko paletan berriz, amaierara iristeko dezente geratzen zaie oraindik. Jubenilen lehen mailan, asteburuan jokatu zen lehen jardunaldia eta Intxurreko bikoteen arteko lehian, Olano eta Agirre 30 eta 19 nagusitu ziren Bachen eta Ontsaloren aurka. Bigarren mailan ere derbia izan zen eta Aramendik eta Esnaolak 30 eta 9 irabazi zieten Karrerari eta Belokiri.
Multzo horretako partidak ikusi ahal izango dira hain zuzen ere ostiralean Elorri pilotalekuan. Hiru dira Intxurreko bikoteak eta kasu honetan ere elkarren aurkako neurketa izango da. Zhang eta Agirre Aramendi eta Esnaolaren aurka ariko dira. Beste bikoteak aldiz, Ataunen kontrakoa izango du. Jaialdia osatzeko, alebin mailako eskuz binakako hir partida jokatuko dira.