Berriak
2017·04·26
Hiru partida jokatuko dira asteburuan Elorri futbol zelaian. Aste santuko etenaldiaren ostean Intxurreko futbolariak lehiara itzuliko dira eta Alegiako futbol zaleek gorengoen, kadete mutilen eta Aralar Intxurreko infantilen partidak ikusi ahal izango dituzte. Gorengoek seigarren dagoen Urko Eibar izango dute aurkari larunbatean 17:15ean. Etxean aurkaria gogor hartzen saiatuko dira alegiarrak sailkapeneko puntu zakura beste hiru biltzeko helburuarekin. Kadete mutilek kopako partida jokatuko dute Urnieta azken sailkatuaren aurka larunbatean 10:00etan. Alegiarrak zazpigarren postuan daude eta aurrekoengana hurbiltzeko aukera ona izan dezakete partida horretan. Aralar Intxurreko infantilek beraien aurretik lehen postuan dagoen Usurbil izango dute aurkari kopako partidan larunbatean 12:00etan. Jokaturiko guztia irabazi dute usurbildarrek eta alegiarrak aurka egin eta sailkapenean hurbiltzen ahaleginduko dira. Talde honen inguruan, aipatu, apirilaren 23an Idiazabalen jokatu zen futbol 8ko torneoa irabazi zutela. Idiazabal, Ilintxa, Urnieta eta Intxurre izan ziren parte hartzaileak eta alegiarrak izan ziren indartsuenak. Imanol Irazustabarrena aritu zen entrenatzaile lanetan eta Intxurrek eskerrak eman nahi dizkio Idiazabal taldeari, lehiaketan parte hartzeko gonbitea luzatzeagatik.
Etxetik kanpo ariko direnak jubenilak eta kadete neskak izango dira. Jubenilek Astigarragan jokatuko dute larunbatean 18:00etan Mundarroren aurka. Hirugarren dagoen taldearen zelaian lidertza sendotzen ahaleginduko dira alegiarrak, orain arte jokaturiko partidetan sekulako maila eman ostean. Kadete neskek aldiz, lantegi zaila izango dute sailkapeneko bigarrena den Lagun Onaken zelaian larunbatean 17:30ean. Alegiarrak zortzigarrenak dira eta txapeldunen fasean sailkapenean gora egiten ahaleginduko dira.