Berriak

Atzealdea Gorengoen eta jubenilen partidak jokatuko dira asteburuan Elorri futbol zelaian

Iragan jardunaldian hiru garaipen, berdinketa bat eta porrot bat bildu dituzte Intxurreko taldeek

2016·12·13


Intxurreko futbol taldeak 2016ko azken ostikadak ematen ari dira baloiari. Kadete neskek asteburuan jokatu zuten urteko azken partida eta 1 eta 2 irabazi zuten Danenaren zelaian. Laugarren postuan daude hamasei punturekin eta urtarrilean jokatuko dituzte lehen faseko azken bi partidak. Beste taldeek asteburu honetan jokatuko dituzte urteko azken neurketak. Jubenilek etxean jokatuko dute Idizabalen aurka larunbatean 11:00etan. Alegiarrak laugarren daude sailkapenean Danenari 0 eta 2 irabazi ostean eta beraien atzetik dagoen aurkariaren aurka neurtuko dira, lehen faseko azken neurketan. Etxean ariko den beste taldea gorengoen mailakoa izango da, larunbatean bertan 15:30etik aurrera. Hauek azken partidan 5 eta 0 galdu zuten Eibarren eta sailkapeneko bigarrena den Urola izango dute aurkari azken partida horretan.

Kadete mutilek ere lehen faseari amaiera emango diote urteko azken neurketan. Beasainen ariko dira larunbatean 10:30ean sailkapeneko hirugarrenaren aurka. Alegiarrak bosgarrenak dira Ordiziaren aurka hiruna berdindu ostean. Azkenik, infantil mailan, Aralar Intxurrek Ostadarren zelaian jokatuko du kopako bigarren jardunaldia, larunbatean 11:15ean. Lehenengoan 4 eta 0 irabazi zuten alegiarrek Idiazabalen aurka eta hiru punturekin dira.