Berriak

Gorengoen mailako Intxurreko taldeak denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen asteburuan

Idiazabalen aurka etxean jokatuko dute eta kadete neskak ere Elorri zelaian ariko dira jardunaldi honetan

2017·04·05


Intxurreko gorengo mailako taldeko jokalariak pozarren dira. Iragan larunbatean denboraldiko hirugarren partida irabaztea lortu zuen Santos Irazustabarrenaren taldeak. Beasainen 2 eta 3 irabazi zuten eta sailkapenean hamabost punturekin kokatu dira. Denboraldi gogorra ari da izaten baina azken garaipen hori beste batekin kateatzen saiatuko dira igandean 16:00etan Idiazabalen aurka etxean. Hauekin batera, kadete neskek ere Elorrin jokatuko dute asteburuko partida. Kasu honetan, Touring izango dute aurkari larunbatean 11:00etan. Aipatzekoa da, iragan jardunaldian Allerruren aurka jokatu beharreko neurketa ez zela jokatu.

Beste hiru taldeek kopako partidak izan zituzten asteburuan eta aipatzekoak dira jubenilen infantilen partidetako emaitzak. Jubenilek 14 eta 0 irabazi zioten sailkapeneko azkena den Danena B taldeari. Alegiarrek lehen postuan jarraitzen dute jokaturiko bederatzi partidak irabazita eta larunbatean 17:00etan bigarren dagoen Danena Aren zelaian jokatuko dute. Aralar Intxurreko infantilek berriz, 13 eta 0 irabazi zioten Ordiziari. Hauek bigarrenak dira sailkapenean eta Beasainen jokatuko dute larunbatean 12:00etan. Azkenik, kadete mutilek hiruna berdindu zuten Tolosaren aurka. Puntu horrekin seigarrenak jarri dira eta larunbatean 12:00etan Ostadar liderraren zelaian jokatuko dute.