Berriak

Atzealdea Habia kutxen tailerraren berrikuntzarekin ospatuko da igandean Langaurre Eguna

Antolakuntzak oinez igotzeko deialdia egina du igandean goizeko 9:30erako Tontokalen

2018·05·24


Alegiako Kultura batzordeak antolatuta, Langaurre Eguna ospatuko da igandean. Ohiturari jarraituz, hainbat eta hainbat izango dira Langaurrera bazkaltzera igoko diren herritarrak. Gogoan izan, eguneko ekintzetan parte hartzeko aurrez eman behar zela izena eta norberak bere bazkaria eraman beharko duela. Edaria eta azpiegitura Udalak jarriko ditu.

Aurtengo ekitaldiari begira, antolakuntzak berritasun nagusi bat gehitu du. 11:30ean Langaurren bertan egingo den habia kutxen tailerra izango da. Aranzadi zientzia elkarteko kideen eskutik, habia kutxak egiten eta kokatzen ikasteko aukera izango da eta 30etik gora izan dira tailer horretan parte hartzeko izena eman dutenak.

Antolakuntzak oinez igotzeko deialdia egin du aurten ere. 9:30ean Tontokalen jarri dute hitzordua eta bertatik Langaurrera igoko dira. 11:00etan hamaiketakoa banatuko da Langaurren bertan, 11:30ean aipatu tailerra izango da eta 14:00etan bazkaria. Eguraldiak laguntzea besterik ez da geratzen egun eder bat igaro ahal izateko.