Berriak

Atzealdea Hamaika ekitaldiz osaturiko Neguko Kultur Egitaraua prestatu du Kultura batzordeak

Urtarrilaren 24ean hasiko da eta martxoaren 25ean egingo da azken ekitaldia

2018·01·19


Urte eta urtaro berriarekin batera, Alegiako Kultura batzordeak prest du 2018ko Neguko Kultur Egitaraua. Urtarrilaren 24ean hasi eta martxoaren 25era bitartean askotariko hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute bai alegiarrek eta baita kanpotik hurbiltzen edonork ere. Ipuin kontaketak, mendi irteerak, musika emanaldiak, tailerrak, antzerkia… Denetik biltzen duen egitaraua antolatzen saiatu direla adierazi dute batzordetik.

Hasteko, urtarrilean bi ekitaldi egingo dira. Lehena, hilaren 24ean, Maider Alcelayren ipuin kontaketa izango da. Liburutegian izango da 17:00etan eta 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendua izango da. Urtarrilaren 28an berriz, mendi irteera bat egingo da Alegiako Mendi Asanbladak antolatuta. Leizaola eta Aristizabal baserrien inguruetan ibiliko dira.

Otsailean sartzeko, hilaren 4ean Txintxarri abesbatza santa eskean ibiliko da herriko kaleetan 17:30etik aurrera. Hurrengo igandean berriz, hilak 11, iñauterietako zahagiardoa egingo da plazan. Otsailaren 19tik martxoaren 19ra haurrentzako dantza tailer bat eskainiko da kultur etxean. Haur Hezkuntzako 2, 3 eta 4 mailetako haurrek hartu ahal izango dute parte eta saioak astelehenetan izango dira 16:00etatik 17:00etara kultur etxean.

Martxoari begira, hainbat ekitaldi aurreikusi dira. Martxoaren 5etik 16ra Errusiari buruzko erakusketa bat egongo da kultur etxean San Juan ikastetxeak antolatuta. Martxoaren 8an, osteguna, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat, 19:00etan kontzentrazio bat egingo da plazan eta ondoren “Erradikalak gara” antzezlana eskainiko da Elizpe zinean. Martxoaren 12tik 23ra bitartean Loatzo musika eskolaren audizioak izango dira eta hilaren 15ean, Eneko Haritza ipuin kontaketa saioa izango da liburutegian 17:00etan 4 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta. Martxoaren 23an haurren dantza tailerreko partaideek emanaldi bat eskainiko dute 17:00etan kultur etxean eta azken ekitaldia, martxoaren 25eako mendi irteera izango da. Zaldibiatik Auza Gaztelura egingo da txangoa Alegiako Mendi Asanbladak antolatuta.

Alegiako Udalak herritarrak ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditu eta gogorarazten du Kultura batzordeko ateak zabalik daudela proposamenak eta ekarpenak egin nahi dituzten herritarrentzat.