Berriak

Atzealdea Hamar ekitaldi izango ditu Azaroko Kultur Egitarauak

Adin guztietako herritarrentzako ekintzak biltzen dituen eskaintza prestatu du Kultura batzordeak

2024·10·28


Urriaren 29an ekingo zaio Azaroko kultur egitarauari. Kultura batzordeak hamar ekitaldi antolatu ditu eta lehen hirurak urriko azken egunetan egingo dira. Urriaren 29an eta 30ean Txintxarriak Martxanek antolaturiko bi ekintza egingo dira, adineko herritarrei zuzenduta. 29an Buru Bihotzez Elkartearen eskutik alzheimerraren inguruko hitzaldi bat eskainiko dute Axun Esnaolak eta Trini Palauk, 17:00etan kultur etxean. Urriaren 30ean gai bera lantzen duen ‘¿Y tú quién eres?’ pelikula eskainiko da zinean 17:30etik aurrera.

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko da Alegian. 16:30etik 18:00etara HH2 eta HH5 bitarteko haurrentzat eskulan tailerrak egingo dira Gaztelekuan eta 18:30etik 19:00etara LHkoek mozorroak prestatuko dituzte. 19:00etan herrian zehar Arimen Ibilbidea egingo dute eta arratsaldea borobiltzeko, 0’0 zahagiardoa izango da plazan.

Azaroaren 12an, Manex Beristainek ‘Emozioen gurpila’ izeneko ipuin kontaketa saioa eskainiko du 16:30ean liburutegian. Azaroaren 19an eta 20an, asteartea eta asteazkena, Amelia Tiganusen bi hitzaldi izango dira. Hilaren 19an, 18:00etatik aurrera herritar guztiei zuzenduriko ‘Juventud, internet y violencia sexual: ¿quién gana?’ hitzaldia eskainiko du eta 20an, DBHko 3 eta 4 mailetako ikasleei zuzenduriko ‘Amelia. Historia de una lucha’ hitzaldia, 10:45ean kultur etxean.

Azaroaren 22an, ostirala, Loatzo Musika Eskolak Xexili eguneko kontzertua eskainiko du 18:30ean kultur etxean. 22:00etan, Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak ‘ZtandaP’ binakako bakarrizketa eskainik dute zinean. Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldiak izango dira eta amaitzeko, hilaren 30ean Jon Garaialdek kontzertu bat eskainiko du 20:00etan zinean.

Ekitaldi guztiei buruzko informazioa webgune honetako agenda atalean kontsultatu daiteke.