Berriak
Atzealdea Hasi dira Alegiako festak!!
2023·07·14

Martxan dira 2023ko Alegiako jaiak. Regina Sorarrain Lasa buru duen udal talde berriak bota duen txupinazoarekin ekin zaie jaiei eta astelehenera bitartean ez da jai girorik faltako. Haurren Santos torneoko finalekin hasi dira ekitaldiak eta Alegiako eta Billabonako erraldoiek, buruhaundiek, Loatzo musika eskolako musikariek eta Giroarte dultzaina taldeko kideek Larraitz auzotik plazara egin duten kalejirak, bero jarri du plaza txupinazoaren ordurako.
Udal taldea osatzen duten bi alderdietako kideek hartu dute hitza. Regina Sorarrainek eta Asier Ezeizak arrazoi ezberdinengatik festetan egon ezin dutenak izan dituzte gogoan herritarrei ondo pasatzeko gonbitea egitearekin batera.
Zahagiardoaren ostean, gauerdian Ezpalak eta Bad Sound taldeak ariko dira plazan lehen eguna borobiltzeko.
Biharkoarekin asteburuan bete-betean sartuko dira jaiak. Eguerdiko sagardo dastaketa, arratsaldean haurrentzat egingo diren mitologian oinarrituriko jolasak eta bertso saioa dira eguneko hitzordurik garrantzitsuenetako batzuk. Hemen duzue egitaraua:
Uztailak 15, larunbata:
09:30. Giroarte dultzaina taldeak alaituriko DIANA.
12:00. SAGARDO DASTAKETA sardina eta txorizo erreekin. SAGARDOTEGIAK: Eguzkitza, Sarasola, Isastegi eta Aulia.
17:00- 20:00. JOKAI, Euskal mitologian oinarritutako jolasak eskolako patioan.
18:00. Haurrentzako merienda eskolako patioan.
19:00. BERTSOLARIAK plazan. Maialen Lujanbio, Eñaut Martikorena, Jexux Mari Irazu eta Alaia Martin.
Gai-jartzailea: Iker Iriarte
21:00. ZAHAGIARDOA plazan.
22:00. Kaiña-Bi Trikifarra taldearekin kalejira.
00:00. DJ Risas.
Etxera taldean joateko hitzorduak
Gaur ere ‘Ez ezetz da!’ kanpainaren barruan, taldean etxera joateko modua izango da. 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan izango dira hitzorduak. Orendaingo bidegurutzea izango da elkargunea. Ordutegi horretatik kanpo norbaitek laguntza beharko balu, 606 797 135 zenbakira deitu dezake.
Bulebarrean egun handia
Gazteek egun handia dute gaur. Eguerdian bazkariarekin hasi dira eta arratsaldean kuadrillen arteko jolasak egin ostean, gaueko musika eskaintzaren zain dira. DJ Expuela, DJ Xirimiri eta DJ Goiko ariko dira bulebarreko oholtzan. Bihar ere musikak presentzia izango du. Jikuri eta Hoben taldeak ariko dira lehenik eta ondoren Likkle Selektahren eta DJ Nazaren esku egongo da musika eskaintza.