Berriak

Atzealdea Hasi dira San Juan kaleko zolatze lanak

San Juan 13-15etik Tontokaleraino bi norantzak egongo dira baimenduta lanek irauten duten bitartean

2019·05·24


San Juan kaleko ermitaren inguruko zolatze lanak gaur goizean hasi dira. Egoera txarrean dagoen lurzorua altxa eta berria ezarriko da datozen egunetan. Lan horien eraginez, ermitaren parean kalea itxita egongo da eta hori dela eta, San Juan 13-15etik gorako garajeetako erabiltzaileek eta zamalanak egin behar dituztenek, Tontokaletik sartu eta atera beharko dute. Hori dela eta, lanek irauten duten bitartean San Juan kaleak bi norantza izango ditu Tontokaletik San Juan 13-15 zenbakien pareraino. Epe horretan, pibotea behean egongo da.

Oinezkoei dagokienean, San Juan kaletik beheruntz doazenek Bideberrieta eta ibai ondoko pasealeku aldera doazen pasabideak erabili beharko dituzte, lanak egiten ari diren eremutik ezingo baita igaro. Erbeta aldetik datozenek ere gauza bera egin beharko dute parkera iritsitakoan. Hau da, Bideberrieta aldetik edo ibai aldeko pasealekutik jarraitu.

Herritarrei ulermena eta lanek eragin ditzaketen eragozpenengatik barkamena eskatu nahi die Udalak. Aldi berean, lanek irauten duten bitartean  San Juan kaleko zati batek bi norantzetako trafikoa izango duenez, gidariei arreta berezia jartzea eskatzen zaie.