Berriak
Atzealdea Haur eta gurasoentzako tailer artistikoak antolatu ditu Iturri Zahar guraso elkarteak ekainerako
2018·05·17
Iturri Zahar guraso elkarteak eta Ikertze kultur elkarteak elkarlanean haurrentzat eta gurasoentzat tailer artistikoak antolatu dituzte ekainaren 12, 13 eta 14rako. Egun bakoitzean adin talde jakin bati zuzendutako ekintzak garatuko dira eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 28ra bitartean. Lehen tailerra ekainaren 12an, asteartea, egingo da. Pinturaren txokoa izenburua izango du eta Haur Hezkuntzako 2, 3, 4 eta 5 mailetako haurrei eta gurasoei zuzenduta dago. Tenperak, pintzelak, eskuak eta esponjak erabiliko dituzte kaxak margotzeko. Bertan parte hartu nahi dutenek mantala edo lasai zikindu daitekeen arropa eraman beharko dute saioaren funtzionamendua egokia izan dadin. Haur bakoitzak 14 urtetik gorako pertsona batekin joan beharko du eta elkarlanean ariko dira.
Ekainaren 13an, asteazkena, Margoen eta collagearen txokoa egingo da, bizitzaren jolasa. Lehen Hezkuntzako 1, 2 eta 3 mailetako ikasle eta gurasoei zuzenduta egongo da eta margo ezberdinekin marrazkiak egitea, desegitea eta taldean berregitea izango da funtsa, talde emaitzak lortuz. Kasu honetan, gomendagarria da mantala edo lasai zikindu daitekeen arropa eramatea.
Azkenik, ekainaren 14ean, osteguna, eskulturaren txokoa egingo da, beste aldearen jolasa. Lehen hezkuntzako 4, 5 eta 6 mailetako gaztetxoentzat izango da. Hiru dimentsioak (altuera, zabalera eta sakonera) aztertuz, koloredun kartulinazko eskulturatxoak eraikiko dituzte eta ondoren erakusketa bat prestatuko da.
Saio horietan familia osoek ere hartu ahal izango dute parte. Izena emateko epea zabalik dago eta maiatzaren 28a, larunbata, izango da azken eguna. Haur bakoitzak 5 euro ordaindu beharko du eta gurasoek dohain izango dute. Hori bai, izena ematerakoan gurasoen parte hartzea zehaztu beharko da, lekua eta materialagatik. Interesatuek iturrizahar@alegikoeskola.org helbidera mezu bat bidali beharko dute izen-abizenak jarrita. Ordainketari dagokionean, izen abizenak bidaltzen dituzten mezuari erantzunez jasoko dute ordainketa egiteko kontu zenbakia.