Berriak

Atzealdea Haurrentzako udalekuetako izena emateko epea maiatzaren 24tik 28ra egongo da zabalik

Kultur etxean pilaketak ekiditeko asmoz, interesatuek Udal webgunean dagoen galdetegia betez eman beharko dute izena

2021·05·20


Alegiako Udalak haurrentzako jarduera ezberdinak eskainiko ditu uztailean. Alde batetik, HH4tik LH2ra bitartekoek udaleku irekiez gozatzeko aukera izango dute eta bestetik, LH3tik LH6ra bitartekoek, kirol udalekuak izango dituzte eskura. Bizi dugun egoera kontuan izanda, Udalak prest ditu jarduera horiek segurtasunez gauzatu ahal izateko protokoloak baina unean uneko osasun neurri berriek, funtzionamendua baldintzatu edo aldatu dezakete.

Bi jardueretako txandek iraupen bera izango dute. Lehen txanda uztailaren 1etik 15era luzatuko da eta bigarrena uztailaren 19tik 30era. Txanda baten parte hartzeak 48 euroko prezioa izango du eta bietan jarduteak 83 eurokoa. Jarduera guztien ordutegia 10:00etatik 13:00era izango da, astelehenetik ostiralera.

Izena ematea web bidez

Izena ematerakoan kultur etxean sortu litezkeen jende pilaketak ekiditeko helburuz, aurten Udalaren webgunearen bidez, www.alegia.eus, eman beharko da izena. Webgunean Udalekuak atalean sartu eta bertan topatuko dute interesatuek izena emateko galdetegira bideratuko dituen lotura, IZENA EMAN botoia sakatuz. Maiatzaren 24tik 28ra eman ahal izango da izena eta informazio gehiagorako kultur etxera deitu edo idatzi daiteke, 943 65 46 98 zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera. Izena emateko aukera maiatzaren 24ko 00:00etan aktibatuko da.

Plaza mugatuak izango dira eta izen ematearen hurrenkeraren arabera egokituko dira. Ekainaren erdi aldera, plaza dutenei email bat bidaliko zaie plaza konfirmatuz eta udalekuen informazio orokorra zein ordainketaren inguruko xehetasunak emanez.