Berriak
Atzealdea Hiri Antolamendu Plan Orokorra jendaurrean ikusgai egongo da datozen bi hilabeteetan
2017·05·26
Alegiako Hiri Antolamendu Plan Orokorrak aurrerapauso ugari eman ditu azken hilabeteetan. Apirilaren 5ean Plan Orokorraren jendaurreko aurkezpen ekitaldia egin zen udaletxean eta bertan bildu ziren herritarrek egitasmoaren nondik norakoak modu zuzenean ezagutzeko aukera izan zuten. Udal ordezkariekin batera proiektuaren arduradun teknikoak izan ziren aurkezpen horretan eta HAPOaren inguruan prestatu duten dokumentuaren edukiak aurkeztu zituzten.
Alegiako Hiri Antolamendu Plan Orokorra herri eredu ekologikoan oinarritzen da. Trinkoa, konplexua eta eraginkorra izan behar dena eta gizarte kohesioa helburu duena. Eraikinen eta espazio libreen diseinua eta bizigarritasuna, energiaren kontsumoa murriztea eta tokiko energia berriztagarriak erabiltzea, uraren kontsumo arduratsua bultzatzea eta uraren zikloa errespetatzea, airearen kalitate egokia bermatzea, zarata onartezinak murriztea edo ekiditea, mugikortasun jasangarria, elikadura burujabetza eta beste hainbat dira HAPOak biltzen dituen ardatz nagusiak. Etorkizuneko Alegia eraikitzeko ildo nagusiak biltzen dituen plana da.
Gauzak horrela, une honetan herritarren eskura dago Plan Orokorraren dokumentua. Modu ezberdinetan kontsultatu daiteke gainera. Alde batetik, webgune honetako azalean aurkituko duzue dokumentu osoa. Alde batetik testua kontsultatzeko lotura dago eta bestetik planoak kontsultatzeko beste lotura bat. Modu digitalaren ordez paperean kontsultatzeko aukera lehenesten duten herritarrek aldiz, udaletxean bertan izango dute horretarako aukera. Lehen solairuan dauden administrazio orokorreko bulegoetan dago nahi duenaren eskura dokumentu osoa.
Horrez gain, norbaitek Plan Orokorraren inguruko kontsultaren bat egin nahiko balu proiektuaren arduradun teknikoekin, Udal bulegoetan txanda eskatzeko aukera izango du. Bestetik, herriko hainbat puntutan Plan Orokorraren planoak ere ezarri dira, dokumentu osoa kontsultatu nahi ez duten herritarrek laburpen modura ikus ditzaten eta informazioa izan dezaten. Bi hilabetez egongo da Plan Orokorra jendaurrean erakusgai.