Berriak
Atzealdea Hiru partidaz osaturiko pilota jaialdia jokatuko da ostiralean Elorri pilotalekuan
2017·04·04
Intxurreko pilotarien partidak ikusteko aukera izango du pilotazaleak ostiralean 19:00etatik aurrera Elorri pilotalekuan. Hiru partidaz osaturiko jaialdia izango da eta lehen neurketan gomazko paletan aritzen diren neska jubenilak ariko dira. Intxurreko Iturbek eta Zhangek Atzaparreko bikotea izango dute aurkari. Aurreko jardunaldian Intxurreko bi bikoteren arteko lehian Iturbek eta Zhangek 30 eta 18 galdu zuten Bachen eta Agirreren aurka eta jardunaldi honetan garaipenaren bila kantxaratuko dira. Intxurreko beste bi bikoteek galdu egin zuten.
Jaialdiko beste bi partidak Gipuzkoako lau t’erdiko txapelketakoak izango dira. Iragan asteburuan ekin zitzaion txapelketa honi eta Intxurrek guztira hamasei ordezkari izango ditu. Jubenilen lehen mailan, Intxurreko Jauregi eta Hernaniko Lazkano neurtuko dira eta jaialdia itxiko duen partidan, nagusietan, Gaztelekuko Eskuderori egingo dio aurre Intxurreko Muruak.