Berriak

Atzealdea Hirurogei lagunetik gora izan dira Txintxarriak Martxan ekimeneko lehen irteeran

Eguraldia lagun, parte hartze altua izan da eta antolakuntzak balorazio positiboa egin du

2017·03·23


Modu arrakastatsuan eman zaio hasiera Txintxarriak Martxan ekimenari. Alegiako Udalak eta osasun etxeak elkarlanean abiarazitako egitasmoa da beste hainbat eragileren laguntza ere izan du antolakuntzak. Jubilatuek ariketa fisikoa egin eta elkarren arteko harremanak sustatzeko helburuarekin jarri da martxan ekimen hau eta gaurkoa izan da ekainera bitartean egingo diren hamabi irteeretako lehena.

Goizeko 10:30ean zen hitzordua plazan eta aurrez izena emanda parte hartzaile ugari zeuden arren, beste hainbatek gaur goizean bertan eman dute izena eta orotara, 60 lagunetik gorako taldea osatu da lehen egun horretan.

Familia argazkia atera eta bidean jarri dira. Guztiek ez dute ibilbide bera egin. Batzuk Ikaztegieta aldera abiatu dira bidegorritik eta beste hainbatek Alegia inguruan eman dute bueltatxo bat. Hori bai, guztiek hamaiketako ederra egin dute behin ibilaldia amaitu ostean.

Antolakuntzako kideak pozik agertu dira lehen egunak izan duen arrakastarekin eta hemendik aurrera ere ostegunetan izango diren ibilaldi horietan parte hartzera gonbidatu dituzte jubilatuak.