Berriak

Atzealdea I Fasean EAEn izango ditugun hainbat neurri biltzen dituen dekretua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak

Mugikortasunaren, ariketa fisikoaren eta kulturaren inguruko neurriak zehazten dira bertan

2020·05·11


Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak deseskalatze prozesuko I Faseari begira Eusko Jaurlaritzak egindako dekretua argitaratu du. EAEko hiru lurraldeetan izango du eragina dekretu horrek eta ondokoak dira zehazten diren puntu batzuk.

MUGIKORTASUNA

Herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dute osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoiengatik ere. Jarduera sozioekonomikoetarako gure udalerriaren mugakideetara joateko aukera izango da baina gomendio orokor modura, bizi garen herritik ahalik eta gutxien ateratzea komeni da.

KIROLA ETA ARIKETA FISIKOA

Kirola eta ariketa fisikoa egiteko, bizi garen udalerrian zein mugakideetan mugitzeko aukera dago. Beti ere, osasun agintariek zehazturiko segurtasun eta higiene neurriak errespetatuz. Kudeaketa pribatuko aire zabaleko kirol instalazioak maiatzaren 9ko Espainiako gobernuaren aginduan zehazten den moduan zabaldu ahal izango dira eta egoitza kokatzen den udalerriko zein mugakideetakoek erabili ahal izango dituzte. Kudeaketa publikoko instalazioak itxita egingo dira eta kirol profesionala ere aipatu aginduaren bidez arautuko da.

KULTURA

Liburutegiak, museoak eta kultura ekitaldiak zein ikuskizunak burutzen diren lokalak itxita egongo dira.

Azpiko loturan kontsultatu daiteke Eusko Jaurlaritzak gaur argitaratu duen dekretua osorik. Bide batez, dekretu horretako hainbat puntu arautzen dituen Espainiako gobernuaren agindua lotura honetan duzue.

PDF
0,2 MB
11·05·2020 Dekretua
Eusko Jaurlaritzak deseskalada prozesuko I Faserako hartutako neurriak biltzen dituen dekretua.