Berriak
Atzealdea Ibilbide eta kokaleku berriekin egingo da larunbatean XI. San Silbestre lasterketa
2022·12·27

Pandemiak eragindako etenaren ostean, bueltan da Alegiako San Silbestre lasterketa. Hamaikagarren ekitaldia izango da abenduaren 31n jokatuko dena eta aurtengoa hainbat berrikuntzarekin dator. Alde batetik, goizez jokatuko da. Bestetik, irteera eta helmuga eskola parean izango dira eta azkenik, ibilbidea ere berria izango da. 11:00etan hasiko dira lasterketak Lehenik 6-7 urtekoak, ondoren 8-9 adinekoak eta segidan 10-11 urte bitartekoak. Haurren ostean, helduen txanda izango da. Hauek izango dira ibilbideak:
-6 eta 7 urte bitartekoak: irteera, eskola pareko etxeen artetik Larraitz auzora eta 14 zenbakiaren parean, errepidera irten eta eskolan helmuga.
-8 eta 9 urte bitartekoak: irteera, Etxe Txuriko bidetik Larraitz auzoko etxeak amaitzen diren punturaino, han errepiderako jaitsiera egin eta errepidez eskolako helmugara.
-10 eta 11 urte bitartekoak eta helduak: irteera, Etxe Txuriko bidetik Fabrensa amaieraraino joan eta handik errepidez eskolara. 10-11 bitartekoek itzuli bat, helduek hiru itzuli.
Ez da sailkapenik egingo eta parte hartzaileen artean hainbat sariren zozketa egingo da.
Larraitz auzorako errepidea itxita
Lasterketaren kokaleku aldaketak Larraitz auzorako errepide sarbideak ixtea eragingo du. 11:00etatik 12:00etara Errotako biribilgunetik ezingo da Larraitz auzo aldera sartu eta Orendaingo bidegurutzetik ere ezingo da Larraitz auzo aldera joan.