Berriak

Atzealdea Igandean hasiko da ekitaldiz beterik datorren Neguko Kultur Egitaraua

Martxoa “hilabetea morea” izango da eta programazio berezia prestatuko da horren harira

2017·01·26


Alegiako Udaleko Kultura batzordeak igandean abiatuko du negurako prestatu duen kultur egitaraua. Apirilera bitartean luzatuko da egitarau hori eta askotariko ekitaldi ugari izango dira. Musika, dantza, antzerkia, erakusketak, bertsoak… Aipatzekoak dira besteren artean, otsailaren 17an eskainiko den “Putinen guardasola” antzezlana, Xabi Solanok martxoaren 31n emango duen kontzertua edo martxoaren 5ean Oinkari, Sutarri, Asteasu, Larraul, Aduna eta Lizartzako dantzariek elkarrekin eskainiko duten “Eskolatik plazara” ikuskizuna. Egitaraua osorik webgune honetako agenda atalean duzue.

Egitarauaren berri ematearekin batera, Kultura batzordeak eskerrak eman nahi dizkie gabonetan antolatu diren ekitaldietan laguntza eman duten herritarrei. Laguntza hori ezinbestekoa da ekitaldiak antolatu ahal izateko ere eta aurrera begira ere, herritarren laguntza hori izatea espero du batzordeak.

Martxoa hilabete morea

Bestalde, martxoa “hilabete morea” bezala izendatu du Kultura batzordeak. Urtero, martxoaren 8aren bueltan hainbat ekitaldi egiten dira eta aurtengoari begira, ekitaldi horiek guztiak izenburu horren bueltan antolatuko dira eta datozen asteetan emango da egitarau osoaren berri.