Berriak

Atzealdea Igandeko hauteskundeetan parte hartuko duten herritarrentzako gomendioak

Hauteskunde-mahaiak udaletxeko sarrerako arkupeetan egongo dira segurtasun neurri guztiak betez

2020·07·10


Igandean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira, Alegiako Udalak beharrezkoak diren segurtasun eta osasun neurri guztiak hartuko ditu herritarrek botoa modurik seguruenean eman ahal izateko. Normalean udaletxeko pleno aretoan egoten dira hauteskunde-mahaiak baina bizi dugun egoera kontuan izanda, udaletxeko arkupeetan egongo dira. Herritarrek San Juan kaletik sartu beharko dute plazara eta dagokien mahaiko ilaran jarri, distantziak mantentzeko lurrean jarrita egongo diren markak errespetatuz.

Botoa hartzeko kabinak egongo dira baina etxetik botoa prestatuta ekartzea eskatzen da, ahal den neurrian, ahalik eta gainazal gutxien ukitzeko. Hauteskunde-mahaira iritsi aurretik eskuak desinfektatzeko gela egongo da eta botoa emateko maskarila erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Gelaren ondoan maskarilak egongo dira, etxetik eramaten ez dutenek erabiltzeko.

Botoa ematerakoan, boto emaileak bere izen abizenak esan beharko ditu eta eskatzen zaion kasuetan nortasun agiria erakutsi beharko du.

Herritarrei arauak errespetatzeko eta mahaiko kideen jarduna errazteko deia egiten zaie, hauteskunde eguna arazorik gabe joan dadin.