Berriak
Atzealdea Iñaki Artola baja izango da 6-8 astez ezker sorbaldan duen luxazio baten erruz
2016·12·13
Iñaki Artolak ezker sorbaldan min hartu zuen atzo Elezkanoren eta Zabaletaren aurkako binakako txapelketako partidan. Elezkanok txokoan utzitako pilota bat jasotzera joan zenean, ezker hormaren kontra kolpea hartu zuen eta luxazio bat du. Abenduaren hasieran berragertu zen hiru hilabeteren ostean eta itzuli orduko, beste sei edo zortzi astez geldirik egon beharko du. Txapelketako partida galdutzat eman zieten Artolari eta Albisuri eta hiru jardunaldiren ostean, bi punturekin dira sailkapenean.
Intxurrekoen finalak ostiralean
Gipuzkoako txapelketako hiru final jokatuko dituzte asteburuan Intxurreko pilotariek. Ostiralean 19:30ean gomazko paletan aritzen diren neska jubenilen finalak izango dira Elorri pilotalekuan. Bigarren mailan, Intxurreko Aramendik eta Esnaolak Bergarako bikotearen aurka jokatuko dute eta lehen mailan, Olano eta Agirre Su Berriren aurka ariko dira. Gizonezkoetan, eskuz kadeteen hirugarren mailan, Intxurreko Zubeldiak eta Artolak Tolosako bikotearen kontra jokatuko dute igandean 16:00etan Beotibarren.
Buruz-buru, Irazustabarrenak Urretabizkaiaren aurka jokatuko du final laurdenetako partida igandean 11:00etan Elorrin. Jaialdi berean, alebinetan eta infantiletan, Jon Zabalak eta Egoi Irazustabarrenak finalerdiak jokatuko dituzte.