Berriak
Atzealdea Iñaki Artola Beñat Rezustarekin bikotea osatuz itzuliko da lehiara enpresek antolatu duten Caixabank Mastersean
2020·06·23
Hiru hilabete baino gehiago geldirik egon ostean, Aspe eta Baiko enpresetako pilotariak datozen egunetan itzuliko dira partidak jokatzera. Bi enpresetako pilotariak nahastuz osatutako bikoteekin binakako Caixabank Mastersa udan zehar. COVID-19aren krisialdiak udako ohiko torneo nagusiak bertan behera utzi ostean, enpresek egungo egoerara egokitzeko beharra izan dute eta txapelketa berri bat jokatuko dute lehen aldiz. 14 jardunaldik ligaxka izango da eta finalerdiak partida bakarrera jokatuko dira.
Iñaki Artolak lekua izango du zortzi bikote ariko diren lehiaketa horretan. Alegiarrak Beñat Rezustarekin osatuko du bikotea. Artola eta Rezusta lehen aldiz ariko dira elkarrekin txapelketa batean eta ikusi egin beharko da nola moldatzen diren alegiarra eta bergararra. Lehen partida ekainaren 27an, larunbata, jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan Urrutikoetxearen eta Irribarriaren aurka.