Berriak
Atzealdea Iñaki Artola binakako txapelketarekin batera itzuliko da kantxetara ukondoko lesiotik osatu ostean
2016·11·30
Iñaki Artolak gainditu du eskuin ukondoko lesioa. Irailaren 12an egin zioten ukondo horretan zuen kaltzifikazio bat konpontzeko ebakuntza eta bi hilabete eta erdiko osatze prozesu baten ostean, berriz ere kantxetara itzultzeko moduan da aurrelari alegiarra. Eta itzulerarako ez zaio edozein hitzordu egokitu. Binakako txapelketa jokatzen hasiko da bihar bertan Artola Jon Ander Albisu ataundarrarekin bikotea osatuz. Hirugarren parte hartzea izango du alegiarrak eta hiruretan ataundarrarekin osatu du bikotea. Aurreko bi ekitaldietan finalerdietako ligaxkan izatea lortu dute eta lehen fase luzeak erakutsiko du aurten zertarako gai diren. Lehen jardunaldiko partida Zestoan jokatuko dute bihart gauean eta Ezkurdia eta Merino izango dituzte aurkari.
Intxurreko partidak bihar
Intxurreko pilotarien partidak jokatuko dira bihar 18:30ean Elorri pilotalekuan. Guztira bost partida izango dira eta horietatik bi Gipuzkoako txapelketako finalerdiak izango dira. Gomazko paletan, jubeniletan, bigarren eta lehen mailetako finalerdiak jokatuko dira. Bigarren mailan, Zhang eta Agirre Bergarako bikotearen aurka ariko dira. Kontuan izan behar da, Intxurreko beste bikote batek, Aramendik eta Esnaolak, finalerako txartela ziurtatuta dutela multzoko lehen postua lortuta. Lehen mailan, Intxurreko bi bikote izango dira nor baino nor. Olanok eta Agirrek Bachen eta Ontsaloren aurka jokatuko dute. Kontuan izan behar da, Intxurreko beste bikote batek, Aramendik eta Esnaolak, finalerako txartela ziurtatuta dutela multzoko lehen postua lortuta. Jaialdiari hasiera emateko alebin mailako eskuzko bi partida jokatuko dira eta bosgarren neurketa, buruz buruko nagusien mailakoa izango da Intxurre eta Zazpi Iturriren artean. Bestetik, kadeteen hirugarren mailan, finalerdietako itzulerakoa jokatuko dute Intxurrek eta Txapagainek. Joanekoan Intxurrekoek 22 eta 8 irabazi zuten.