Berriak
Atzealdea Iñaki Artolak 22 eta 15 galdu zuen Altunaren aurka lau t’erdiko final laurdenetako ligaxkako lehen partidan
2023·10·18
Iñaki Artolak porrotarekin ekin dio lau t’erdiko pilota txapelketako final laurdenetako ligaxkari. Alegiarrak Jokin Altunaren aurka jokatu zuen ostiralean Amezketan eta 22 eta 15 galdu zuen. Neurketa ona jokatu zuen Artolak. Hasieran bera izan zen partidaren erritmoa markatu zuena eta pilotari abiadura emanez, aurkariari min egin zion. 11 eta 6 aurretik izan zen baina Altunak erreakzionatu egin zuen eta 12 eta 11 aurretik iritsi zen lehen atsedenaldi luzera. Hurrengo tantoak lehiatuak izan ziren baina 14nako berdinketatik aurrera Altunak sakearekin asmatu egin zuen eta mina egin zion alegiarrari. Azkenerako, 22 eta 15 amaitu zen partida.
Larunbatean jokatuko du Artolak ligaxkako bigarren partida. Lehen jardunaldian Peñaren aurka galtzaile izan zen Elordi izango du aurkari Tafallan. Finalerdietan izan nahi badu, Artolari partida hori irabaztea komeni zaio, azken jardunaldira aukerekin iristeko. Galtzen baldin badu, gerta liteke txapelketatik kanpo geratzea.
Intxurrekoen partidak
Ostiralean Intxurreko pilotarien eta palisten zazpi partida jokatuko dira Elorri pilotalekuan 17:45ean hasita. Hemen zerrenda:
-Eskuz banaka gizonezko infantilen bigarren maila: Telleria (Intxurre)-Goiburu (Mundarro).
-Eskuz banaka gizonezko infantilen bigarren maila: Mendia (Intxurre)-Erauntzetamurgil (Oiarpe).
-Eskuz banaka gizonezko alebinen bigarren maila: Agirrezabala (Intxurre)-Otegi (Hernani).
-Gomazko paleta emakumezko nagusien bigarren maila: Intxurre-Errepala.
-Gomazko paleta emakumezko nagusien bigarren maila: Intxurre-Beotibar.
-Eskuz binaka gizonezkoen jubenilen lehen maila: Intxurre-Oiarpe.
-Eskuz binaka gizonezkoen nagusien lehen maila: Intxurre-Tolosa.
Argazkia: ataria.eus