Berriak
Atzealdea Iñaki Artolak Altuna izango du aurkari lau t’erdiko txapelketako final laurdenetako bigarren partidan
2017·10·19
Iñaki Artolak partida erabakiorra jokatuko du igandean Eibarren Jokin Altunaren aurka. Lau t’erdiko pilota txapelketako final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida jokatuko dute bi pilotariek eta partida hori galtzen duenak oso zail edo ezinezkoa izango du, emaitzen arabera, aurrera egitea.
Lehen jardunaldiko partidak galduta iritsiko dira biak partida honetara. Artolak 22 eta 14 galdu zuen Ezkurdiaren aurka. Partidaren lehen zatia nahikoa orekatua izan zen baina sakearekin arbizuarrak min handia egin zion Artolari eta azkenerako nahikoa eroso lortu zuen garaipena. Altunak berriz, 22 eta 12 galdu zuen Urrutikoetxearen aurka.
Horrenbestean, bientzat oso partida garrantzitsua izango da igandekoa. Galtzen duena aukerarik gabe edo oso gutxirekin geratuko da finalerdiei begira, jardunaldiko emaitzen arabera beti ere. Azken jardunaldian Urrutikoetxearen aurka jokatuko du Artolak.
Intxurrekoak bihar
Bihar 19:00etan hasita bost partidaz osaturiko jaialdi bat ikusi ahal izango da Elorri pilotalekuan. Lehen bi neurketak alebin mailakoak izango dira eta hurrengo biak infantiletakoak. Azkenik, Gipuzkoako txapelketako binakako txapelketa bat jokatuko da. Nagusien lehen mailan Intxurre eta Gazteleku neurtuko dira.