Berriak
Atzealdea Iñaki Artolak Altunaren aurka jokatuko du igandean lau t’erdiko San Fermin torneoko finala
2019·07·02
Iñaki Artolak lau t’erdiko San Fermin torneoko finala jokatuko du igandean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jokin Altuna izango du aurkari goizeko 11:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partidan eta profesionaletako bere ibilian orain artean lortutako garaipenik handiena lortu dezake. Larunbatean Bakaikoaren aurkako finalerdia jokatu zuen Artolak eta 22 eta 9 irabazi zuen. Bero handiarekin jokaturiko partida izan zen eta hasiera gogorra izan bazuen ere, bigarren zatian Artolak sakearekin min handia egin zion Bakaikoari eta fisikoki ere osoago amaitu zuen.
Gauzak horrela, bi lagunen arteko finala jokatuko da lau t’erdian, 2014ko promozio txapelketan bezala. Orduan debuta egin berriak ziren Artola eta Altuna Donostian neurtu ziren eta alegiarrak irabazi zuen. Ordutik hona biek egin dute gora eta azken urteetan lehen mailako lau t’erdikoan amezketarra nagusi izan den arren, Artola sekulako joko boladarekin dago eta igandean txapel garrantzitsu bat lortu dezake.