Berriak

Iñaki Artolak Ander Imazekin osatuko du bikotea lehen mailako binakako pilota txapelketan

Alegiarraren bosgarren parte hartzea izango da eta astelehenean Tolosan jokatuko dute lehen partida Lasoren eta Albisuren aurka

2019·11·19


Iñaki Artola lehen mailako binakako pilota txapelketan izango da bosgarren aldiz. Ander Imaz oiartzuarrarekin osatuko du bikotea aurtengo ekitaldian eta asteburuan ekingo diote hamalau jardunaldi izango dituen final laurdenetako ligaxkari. Ligaxka hori amaitzen denean, lehen bi sailkatuak zuzenean sartuko dira finalerdietan. Hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka eta laugarrenak bosgarrenaren aurka kanporaketa bana jokatuko dute eta partida horietako irabazleak izango dira finalerdietara sailkatuko diren beste bi bikoteak. Lehen aldiz ariko dira bi gipuzkoarrak elkarrekin txapelketa hasieratik baina 2016an finalerdietako ligaxkako partida bat jokatu zuten elkarrekin. Imazek Albisu ordezkatu zuen orduko hartan.

Txapelketako lehen partida astelehenean jokatuko dute Artolak eta Imazek Tolosan Lasoren eta Albisurenen aurka. Artolak iaz Mariezkurrenarekin osatu zuen bikotea eta finalerdien atarian geratu ziren. Ander Imazek ez Bengoetxearekin jokatu zuen eta hauek ere ez ziren finalerdietara sailkatu.

Baiko enpresak Olaizola-Urrutikoetxea, Laso-Albisu eta Bengoetxea-Mariezkurrena bikoteak jarri ditu txapelketan. Aspek berriz, Altuna-Galarza, Ezkurdia-Martija, Jaka-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta.