Berriak
Atzealdea Iñaki Artolak Arangurenekin osatuko du bikotea ostiralean hasiko den binakako pilota txapelketan
2020·12·29
Iñaki Artolak Aitor Aranguren izango du lagun ostiralean hasiko den binakako pilota txapelketan. Alegiarrak seigarren parte hartzea izango du binakakoan eta 20 urteko aginarrarentzat lehen aldia izango da maila nagusian. Iaz Urrutikoetxearen lekua hartu zuen Arangurenek jardunaldiren batean baina aurtengoa izango da hasieratik titular modura jokatuko duen lehena. Txapelketako bikoterik gazteenetakoa osatuko dute biek. Azken urteetan bezala, lehen ligaxkak hamalau jardunaldi izango ditu eta Artolak eta Arangurenek larunbatean jokatuko dute lehen partida Lizarran Olaizolaren eta Rezustaren aurka.
Ligaxka horretako lehen bi sailkatuek finalerdietarako ligaxkarako txartela lortuko dute. Beste bi postuak, hirugarrenetik seigarren postura bitartean sailkatzen diren bikoteen artean erabakiko dira. Bi kanporaketa jokatuko dira eta irabazleek aurrera egingo dute. Finalerdietan, hiru jardunaldiko ligaxka bat jokatuko da eta lehen bi sailkatuek maiatzaren 9an jokatuko dute finala.