Berriak
Atzealdea Iñaki Artolak Elgoibarko torneoa irabazi zuen atzo Zabaletarekin batera
2019·08·26
Iñaki Artolak aurtengo udako lehen torneoa irabazi zuen atzo Elgoibarren. Jose Javier Zabaletarekin batera 22 eta 2 jipoitu zituzten finalean Iker Irribarria eta Ander Imaz. Partida hasi eta berehala zabaldu zuten tartea markagailuan eta lehen atsedenaldira 12 eta 1 iritsi zen. Aurkariek ez zuten erreakzionatu eta Zabaletaren joa ondo baliatu zuen Artolak errematerako. Ezohiko emaitza horrekin, udako lehen torneoa Artolarentzat eta Zabaleta izendatu zuten txapelketako pilotari onena.
Elgoibarko garaipenaz gozatzeko egun pare bat izango ditu orain Artolak. Izan ere, asteazkenean eta ostegunean Donostiako ferian ariko da. Asteazkenean binakako torneoko finalerdia izango du 22:15ean hasiko den jaialdian. Imazekin batera Jakaren eta Zabaletaren aurka ariko da alegiarra eta ostegunean lau aurrelariren arteko binakako partidan hartuko du parte. Aimar Olaizola izango du lagun atzeko koadroetan eta Altunaren eta Irribarriaren aurka jokatuko dute. Iaz partida bera jokatu zen, Irribarriaren lekuan Ezkurdia jarrita eta alegiarrak eta goizuetarrak 22 eta 12 irabazi zuten.
Argazkia: Baiko.