Berriak
Atzealdea Iñaki Artolak eta Ander Imazek hirutik hiru partida irabazi dituzte binakako pilota txapelketan
2019·12·11
Iñaki Artolak eta Ander Imazek jokaturiko guztia irabazi dute binakako pilota txapelketan. Ostiralean hirugarren jardunaldiko partida izan zuten Bengoetxearen eta Mariezkurrenaren aurka eta hirugarren garaipena lortu zuten 22 eta 14 irabazita. Lehen zati berdindu baten ostean, alegiarrak eta oiartzuarrak 14 eta 9 aurreratzea lortu zuten eta aurkariak 17 eta 14 hurbildu baziren ere, azken bost tantoak erreskan egin zituzten Artolak eta Imazek eta horrenbestean, hirugarren puntua lortu zuten. Lehen postuan dauden Jakarekin eta Zabaletarekin berdinduta daude sailkapenean eta laugarren jardunaldiko partida astelehenean izango dute Tolosan puntu batekin dauden Irribarriaren eta Rezustaren aurka.
Intxurrekoen finala
Gomazko paletako Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko dute igandean Deban Intxurreko jubenil mailako emakumezko bi bikotek. Agirrek eta Olanok multzoko lehen postua lortuta eskuratu zuten finalerako txartela eta Muruak eta Iturriotzek Hernaniren aurkako finalerdia irabazi behar izan zuten finalean sartzeko. Alegian berriz, bihar eta ostiralean jokatuko dira partidak. Bihar, osteguna, Gipuzkoako txapelketako buruz buruko partida bat jokatuko da 19:00etan. Gizonezkoen jubenil mailan, Intxurreko Zubeldiak Ilunpeko Elosegiren aurka jokatuko du final zortzirenetan. Ostiralean ordu berean hasiko da jaialdia eta bi partida izango ditu, gizonezkoenak. Lehenengoa infantil mailakoa izango da eta Intxurre Oreretaren aurka neurtuko da. Nagusien bigarren mailan aldiz, Gipuzkoako final zortzirenetako kanporaketa jokatuko du Oiarbidek, Aloña Mendiko Perezen aurka.