Berriak
2020·12·09
Iñaki Artolak lau t’erdiko final laurdenetako partida jokatuko du igandean Eibarko Astelena pilotalekuan. Iragan larunbatean 22 eta 15 irabazi zion alegiarrak Jon Ander Peñari final zortzirenetan. Lehen zati orekatua izan zuen partidak eta Artola ez zen guztiz eroso aritu lehen tanto horietan. Hamarnako berdinketatik aurrera alegiarraren joko mailak gora egin zuen eta une horretatik aurrera zabaldu zen markagailuko aldea. Bigarren zati horretan ofizio gehiago erakutsi zuen Artolak eta azkenerako 22 eta 15 irabazi zuen.
Hurrengo kanporaketa final laurdenetakoa izango da eta partida horretan lau t’erdiko eta binakako egungo txapelduna den Joseba Ezkurdia izango du aurkari Artolak. Igandean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko den partida horretan hezur oso gogorra izango du aurrean alegiarrak baina egia da Ezkurdia atzo binakako txapelketako finala jokatuta eta irabazita iritsiko dela kanporaketa horretara. Aurkariak partida prestatzeko denbora gutxi eduki izanak Artolaren alde joka dezake baina garbi dago Ezkurdia egungo pilotaririk sendoenetakoa dela, edozein distantziatan. Partida horretako irabazleak Jaka eta Peio Etxeberriaren arteko kanporaketako irabazlea izango du aurkari finalerdietan.