Berriak
2016·12·06
Ia hiru hilabete kantxetatik kanpo egin ostean, Iñaki Artolak iragan ostiralean jokatu zuen bere berragerpeneko partida. Binakako txapelketako lehen jardunaldiari zegokion lehia zen eta 22 eta 20 irabazi zuten Artolak eta Albisuk, Ezkurdiaren eta Merinoren aurka. Alegiarrak itxura ona eman zuen eta atzeko koadroetan Albisuk erakutsitako sendotasuna baliatuz, txapelketako lehen puntua erdietsi zuten. Ostiralean bertan jokatuko dute bigarren jardunaldiari dagokion partida Mendizabalen eta Tolosaren aurka Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Altunak eta Barriolak osaturiko bikoteko bi kideak baja izango dira eta ordezkoek jokatuko dute.
Intxurreko hiru bikote finalean
Intxurrek hiru ordezkari sartu ditu Gipuzkoako txapelketako finaletan. Eskuz, kadeteen hirugarren mailan Intxurrek Tolosa izango du aurkari finalean, Ordizia kanporatu ostean. Gomazko paletan, neska jubeniletan, maila bakoitzean ordezkari bana izango da. Lehen mailan, Intxurreko bikoteen arteko finalerdia Olanok eta Agirrek irabazi zuten eta Su Berriren aurka ariko dira finalean. Bigarren mailan aldiz, Aramendi eta Esnaola aurrez sailkatuta zeuden eta Bergararen aurka ariko dira, bergararrek Intxurreko Agirre eta Zhang finaletik kanpo utzi ostean. Bestelakoan, eskuz banaka, jubeniletan Aizpitarte eta nagusietan Irazustabarrena final zortzirenetarako sailkatu dira eta trinketean aurrera darrai ligaxkak.