Berriak

Iñaki Artolak Jokin Altunaren aurka jokatuko du buruz buruko txapelketako finala

Rezustari 22 eta 16 irabazita lortu du alegiarrak ekainaren 13an Bilbon jokatuko den finalean izateko txartela

2021·05·31


Iñaki Artola buruz buruko pilota txapelketako finalean izango da lehen aldiz. Maiatzaren 7an Arteagaren aurkako atariko kanporaketarekin hasitako bideari finalerainoko jarraipena eman dio alegiarrak, bide horretan topatu dituen aurkari guztien kontrako partidak irabaziz. Azkena iragan larunbatean jokatu zuen. Rezustaren aurkako finalerdik lehen zati orekatua eta gogorra izan zuen. Lehen atsedenaldiaren ostean, Artolak markagailuan tartetxoa zabaltzea lortu zuen eta azkenerako 22 eta 16 irabazi zuen, lehen aldiz finalean izateko txartela lortuz.

Final horretan Jokin Altuna adiskidea izango du aurkari. Amezketarrak Zabaleta kanporatuta lortu du finalean hirugarrenez izateko txartela. Ekainaren 13an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko dutena, buruz buru kantxa osoan profesional mailan elkarren aurka jokatuko duten lehen partida izango da. Lau t’erdian badituzte aurrekariak, elkarren aurkako finalei dagokienean. 2014ko promozioko txapelketan alegiarrak jantzi zuen txapela. 2019ko San Fermin torneoan berriz, amezketarrarentzat izan zen garaipena.

Finala iritsi bitartean, ez da elkar zirikatzerik faltako alegiarren eta amezketarren artean.

Alegia Herriartekoan aurretik

Alegiak Herriarteko txapelketako final laurdenetako joaneko partidak jokatu zituen asteburuan Ataunen aurka. Jubeniletan eta nagusietan lortutako garaipenei esker, alegiarrak 2 eta 1 aurretik dira. Datorren asteburuan Ataunen jokatuko diren itzulerako partidetan ikusiko da zein herri sailkatzen den finalerdietara.