Berriak
Atzealdea Iñaki Artolak Lasori irabazi dio eta Irribarriaren aurka jokatuko du buruz buruko txapelketako final laurdenetan
2017·04·26
Iñaki Artolak maila onena ekin dio lehen mailako buruz buruko txapelketari. Astelehenean Unai Lasoren aurka jokatu zuen Zumaian final zortzirenetako lehia eta 22 eta 13 irabazita txapelketan aurrera egitea lortu zuen. Partida osoan zehar nagusi izan zen Artola eta markagailuan alde handiekin ibili zen hasieratik. 20 eta 5 ere izan zen aurretik alegiarra baina Lasok azken zati horretan asmatu egin zuen eta 20 eta 13 hurbildu zen. Dena den, Artolak azken bi tantoak egiten asmatu zuen eta final laurdenetarako txartela lortu zuen. Kanporaketa hori datorren astelehenean, maiatzak 1, jokatuko da Eibarko Astelena pilotalekuan eta Artolak egungo txapelduna den Iker Irribarria izango du aurkari. Irabazten duenak, Rezusta eta Altunaren arteko partidako irabazlea izango du aurkari finalerdietan.
Intxurrekoak bueltan
Aste santuko etenaldiaren ostean Intxurreko pilotariak lehiara itzuliko dira. Bihar, osteguna, eta etzi, ostirala, lau t’erdiko eskuzko partidak jokatuko dira Elorri pilotalekuan. Biharko jaialdia 19:15ean hasiko da eta hiru partida izango dira. Lehenengoan Intxurreko Mozok EPLEko Aranburu izango du aurkari, bigarrenean Zabalak Tolosako Belokiren aurka jokatuko du eta azkenik, Irazustabarrenak Aurrerako Elolarekin neurtuko ditu indarrak. Ostiralean berriz, 18:15ean hasiko da jaialdia eta bezperan bezala, nagusien mailako lau partida jokatuko dira. Artolak Orioko Lertxundi izango du aurkari, Gorostidik Intzako Artetxe, Altunak Aurrerako Biain eta Alberdik Mundarroko Loidi.