Berriak

Atzealdea Iñaki Artolak taldekako Bizkaia pilota torneoa irabazi zuen atzo

Albisurekin batera 22 eta 21 irabazi zuen Altunaren eta Martijarren aurka, Anboto taldeari garaipena eman zion bigarren puntua lortuz

2023·08·23


Iñaki Artolak taldeka jokatzen den Bizkaia torneoa irabazi zuen atzo. Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zen finalean Anboto eta Sollube taldeak izan ziren nor baino nor. Talde bakoitzean lau pilotari eta hiru partida jokoan, garaipena lortzeko horietatik bi irabazteko beharrarekin. Anboto taldea Iñaki Artolak, Jon Ander Albisuk, Jon Ander Peñak eta Unai Alberdik osatu zuten. Sollube berriz, Jokin Altunak, Julen Martijak, Iker Salaberriak eta Danel Elezkanok.

Lau t’erdiko partida jokatu zen lehenik. Peñak 18 eta 15 irabazi zion Salaberriari, Anbotori lehen puntua emanez. Ondoren jokatu zen binakako partida. Iñaki Artolak eta Jon Ander Albisu aritu ziren Anbotoren aldetik eta Jokin Altuna eta Julen Martija Solluberen izenean. Partida benetan gogorra izan zen. Hasiera berdindu baten ostean, alegiarrak eta ataundarrak tartea zabaldu zuten markagailuan baina Altuna partidan sartu zenean gauzak aldatu egin ziren. Azkenean, Iñaki Artolaren gantxo zoragarri batek apurtu zuen 21nako berdinketa eta modu horretan lortu zuten garaipena Anboto taldekoek. Ia ordu eta erdi aritu ziren pilotan lau protagonistak baina azkenerako poz handia Artolarentzat, aurtengo udan normalean baino aukera gutxiago izaten ari delako punta-puntan dabiltzan pilotariekin aritzeko eta beraien parean jardun dezakeela erakusteko.

Azken emaitzari begira garrantzirik ez zuen buruz burukoan, Elezkanok 19 eta 9 irabazi zion Unai Alberdiri.

Zorionak Iñaki!!