Berriak

Estitxu Jauregi eta Iñaki Olano izan ziren VII. San Silbestreko irabazleak

Giro ederrean jokatu zen proba eta txikienen lasterketak kolore berezia eman zion

2017·01·05


Urteko azken egunarekin batera jokatu zen Alegiako VII. San Silbestre lasterketa. Tenperatura hotza ez zen aitzakia izan eta korrikalariek zein ikusleek arratsaldea giro ederrean pasatzeko aukera izan zuten. Ohi bezala, 16:00etan eman zitzaion hasiera probari eta txikienak izan ziren lehen lasterketako protagonistak. 6 eta 11 urte bitartekoak aritu ziren eta plazatik abiatuta, Kalegoraraino joan eta ibai ondoko pasealekutik Kalebeheraraino joan ostean, plazan izan zuten helmuga. Kolore berezia ematen dio probari lasterketa honek eta aurtengoan ere, asko izan dira parte hartu duten gaztetxoak. Prebenjaminetan, Uxue Alustiza izan zen nesketan azkarrena eta mutiletan Oinatz Aizpurua eta Iker Otegik elkarbanatu zuten lehen postua, eskutik helduta sartu ostean. Benjaminetan, Aiora Martinez eta Aiert Balerdi izan ziren azkarrenak eta alebinetan, Oihane Sarasola eta Eñaut Otegi.

Txikienen jarduna amaituta, bigarren lasterketa jokatu zen. Infantilak, kadeteak eta nagusiak aritu ziren bigarren proba horretan. Herri osoa zeharkatuz, bi kilometro pasatxoko zirkuituari itzuli bat eman zioten infantilek eta kadeteek eta bi itzuli eman zizkioten 16 urtetik gorakoek. Infantiletan Uxue Balerdi eta Alain Insausti izan ziren azkarrenak eta kadeteetan Paula del Pozo eta Iñigo Ruiz. Helduen mailari dagokionean, emakumezkoetan Estitxu Jauregi izan zen onena. Lasterketa bikaina egin zuen eta goitik behera nagusitu zen, bakarrik helmugaratuz. Gizonezkoetan, Iñaki Olanok irabazi zuen lasterketa. Lasterketaren zatirik handiena Ander Garinekin batera egin zuen baina azken zatian aurrera jo eta bakarrik iritsi zen helmugara. Aipatu, mozorro onenaren saria Txintxarri Brut taldearentzat izan zela, Andrea Larrañaga, Ainhoa Macicior eta Leire Irizarrentzat.

Behin lasterketak amaituta, sari banaketaren eta zozketen txanda iritsi zen. Parte hartzaile asko izan ziren sariren batekin etxeratu zirenak. Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaileei, antolaketa lanetan lagundu duten bolondresei eta sariak eman dituzten babesle guztiei. Atxikitako fitxategian dituzue lasterketako denborak.

 

Dokumentuak deskargatu

San Silbestre 2016 denborak [pdf]

2016ko abenduaren 31n jokatutako VII.San Silbestre kroseko denborak.