Berriak
Atzealdea Inauterietan garraio publikoaren zerbitzua indartu egingo da egunez eta gauez
2017·02·21
Etzi hasiko diren Tolosako inauteriei begira, garraio publikoaren zerbitzua indartu egingo da. Horrela, Alegiatik Tolosara joateko eta alderantzizko bidea egiteko aukera ematen duten autobusek eta trenek maiztasuna areagotuko dute eta gauez ere eskainiko dute zerbitzua.
Autobusei dagokienean, ostegun, larunbat, igande eta astelehen gauean eskainiko du zerbitzua Lurraldebusek. Urtean zehar larunbat gauetan izaten da erabilgarri linea hori eta inauteriei begira, aipatu egun horietara ere zabaldu dute. Horrenbestean, 23:30ean, 01:00ean eta 02:30ean abiatuko dira autobusak Santa Klaratik.
Trenen inguruan berriz, Renfek eguneko zerbitzua indartuko du igandetik asteartera. Goizean eta arratsaldean ohikoak baino tren gehiago izango dira erabiltzaileen esku Tolosara hurbildu ahal izateko. Ordutegi zehatzen berri izateko sartu hemen. Horrez gain, gauean ere izango dira trenak etxera itzultzeko. Igande eta astelehen gauean ibiliko dira tren horiek eta 3:10ean eta 5:10ean abiatuko dira Tolosako geltoki nagusitik.
Gauzak horrela, herritarrei garraio publikoaren aldeko hautua egiteko gomendioa egiten zaie.