Berriak
Atzealdea Intxurre Antzerki Taldeak ‘Argi dago, komedia beltza’ obra eskainiko du ekainaren 12an eta 14an zinean
2025·05·14

Intxurre Antzerki Taldearen obra berria ikusteko bi emanaldien sarrerak salgai daude dagoeneko Kultur Etxean. Estreinako emanaldia Ekainaren 12an izango da Alegiako zinean, Oinarria Antzerki Topaketen barruan arratsaldeko zortzietan. Emanaldi honetarako balioko du Topaketa guztirako saldu diren Bonoak eta bono horiez gain geratzen diren aparteko sarrerak ere saltzen ari dira kultur etxean. Bertan jarri berri dira baita ere bigarren emanaldikoak. Hau larunbatean, ekainaren 14ean gaueko 22:30ean izango da.
Obrak Argi dago, komedia beltza du izenburu. Intxurre Antzerki Taldearen aldi berriko hirugarren lana izango da honako hau eta aurreko biak bezala May Gorostiagaren zuzendaritzapean taularatuko dute.
Peter Shafferren Black comedy obraren egokitzapen bat da. Argi dago: Brindsley Millerrek, larrialdi egoeran dagoen eskultore batek, eta bere andregaiak, Carol Melkettek, bizilagun bati altzari izugarri garesti batzuk maileguan hartu dizkiote bere baimenik gabe, artista gaztearen obra ikustera datorren milioidun arte-bildumagilea hunkitzeko. Baina zerbaitek huts egin eta eraikina ilunpetan geratzen denean, gauzak hondamendira lerratzen dira. Carolen ama militar tenientea iristen da, Harry Gorryne bizilaguna goiz itzultzen da eta Brindsleyren neskalagun ohia, Klea agertzen da.
Alderantzizko argia deituriko teknika oinarri, iluntasunean sortzen den ekintza, publikoak bakarrik ikusi dezake. Eta ilunpetan gertakari eta emaitzak kaotikoak, negargarriak, histerikoak ikusten dira.
Oinarria Antzerki Topaketa
Inaxio Begiristainen omenez martxan dauden topaketetan berriz aste honetan Debako GOAZ taldearen txanda izango da. LOTURA BASATIAK performancearekin etorriko dira ostiralean eta 22:30etik aurrera eskainiko dute Alegiako zinean. 50 urtetik gora ditu Debako Goaz Antzerki Taldeak. Erreferente bat beraz euskal antzerkigintzan, eta oraingoan sorkuntza propioarekin datoz.
Zilbor-heste bat. Ama eta alaba hariaren punta bakoitzean, hariari so. Lotura kate bat. Ama eta alaba hariaren punta banatik heldu eta hari tiraka, dantza geldiezin batean, harremanari korapiloak egin eta askatu, betirako iraungo duen doinu batean balantzaka. Beldurra, kontrola, dependentzia, zama, maitasuna. Etengo den edo etengo ez den dantza infinitu bat.
Ama alaben arteko harremanaren konplexutasuna lantzen du "Lotura Basatiak” piezak. Hitza, irudia, musika eta mugimendua bateratzen eta tonu desberdinak nahasten dituen -umo rea, poesia, drama...- obra katartiko bat dakargu eszenatokira.
Bi kate; biak ebaki beharrezkoak bat gorputzaren bizitzeko bestea gogoaren askatzeko.
Sarrerak salgai daude kultur etxean. Geratzen direnak egun berean zinean bertan.