Berriak
Atzealdea Intxurre antzerki taldeak Oinarria topaketaren balorazio «oso ona» egin du
2025·07·07

Intxurre antzerki taldeak azken hilabeteetan egin den Oinarria Antzerki Topaketaren balorazio oso ona egin du. Hala adierazi dute argitaratu duten balorazio oharrean. «Antzerki amateur topaketen balorazio oso ona egiten dugu antolatzen ibili garen taldeak. Inaxio Begiristainen omenez Oinarria izeneko jardunaldiek arrakasta izan dutelakoan gara. Bertatik pasa diren taldeen eskaintza eta maila azpimarratu nahi genuke eta batez ere herritarrek izandako erantzuna. Elkarrekin gozatu duguna da geratzen zaiguna. Helburu nagusi bezala Alegian euskarazko antzerkia sustatzea eta herri-giroan kultura zabaltzea jarri genuen eta asmatu dugulakoan gaude».
Topaketari errematea jartzeko ikuskizun berezi bat prestatu zuten ekainaren 22rako. «Bereziki azpimarratu nahi dugu topaketei amaiera eman zion Gala ikuskizuna. Maila handikoa eta era berean etxekoa, ona eta hunkigarria izan zen bizitakoa. Juxtu jende, herriko ikusle, aldetik pixka bat falta izan zitzaion eguna izan zen eta horrek sortzen digu atsekabe pixka bat. Behar bada eguna, giroa… ez zen aproposena tokatu. Bestela saio guztietan bildutakoa, jendearen parte hartza, iritzi ematea…. ederra izan da».
Lehena eginda, aurrera begira jartzeko gogotsu daude. «Aurrera begira jarraitzeko gogoekin geratzen gara. Behar bada hausnartu behar dugu zein garaitan kokatzen joan Topaketak zeren eta herriko beste hainbat ekitaldiekin topo egin dugu aurtengoan, eta beraiek saihesten ibili behar izan dugu. Datak aztertu daitezke beraz».
Zenbakiek sortzen dute egonezin apur bat. «Emaitza ekonomikoari begira berriz, zulo dezentea dugu momentuz, baina erakundeen (Udaletxe eta Aldundiaren) laguntzaren zai geratzen gara. Horrek ere egonezin pixka bat sortzen du ezin baitugu jakin egin aurretik ze diruekin kontatzen dugun edo izango dugun edo ez».
Horrexegatik, herritarrei eskerrak emanez, antzerkiaren, euskararen eta herrigintzaren alde lanean jarraitzeko gogoa adierazi nahi dute. Eta eskertu nahi dituzte baita ere hain borondatetsu eta emankor etorri diren kanpoko antzerki taldeak.