Berriak
Atzealdea Intxurre pilota eskolak zabalik du gabonetako topaketan izena emateko epea
2021·11·25
Pandemiaren eraginez iaz bertan behera geratu ostean, Intxurre pilota eskolak, Alegiako, Altzoko, Amezketako eta Ikaztegietako guraso elkarteekin elkarlanean, Gabonetako Pilota Topaketa egingo du hemeretzigarren aldiz abenduaren 27tik 30era bitartean. Izena emateko epea zabalik dago eta aipatu herrietako eta Abaltzisketako eskoletan banatuko diren izena emateko orrien bidez eman behar da, abenduaren 10a baino lehen.
6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilek eman dezakete izena, 2006 eta 2015 artean jaiotakoek. Bakoitzak modu indibidualean eman behar du izena eta antolakuntzak egingo ditu bikoteak, ondoko sei adin taldeetan banatuta: prebenjamin, benjamin, alebin, infantil, infantil/Kadete neskak eta kadete Mutilak. Horiez gain, infantil eta kadete mailetako emakumezkoek eskuz elkarrekin jokatuko dute. Eskuz pilota goxoekin jokatuko da.
Sailkatze partidak abenduaren 27an eta 28an jokatuko dira eta finalak abenduaren 30ean Amezketan. Partiden ostean sari banaketa eta merienda izango da.
Bikoteen eta egutegiaren berri abenduaren 17an emango da. Norbaitek zalantzaren bat badu edo izena emateko orria aurrez aipaturiko moduren batean ezingo balu lortu, udakopelotaeskola2021@gmail.com helbidera idatzi dezake.