Berriak

Atzealdea Intxurreko erregionalak Gipuzkoako kopako txapeldun

Larunbatean Bergaran jokaturiko finalean 2 eta 0 irabazi zioten Aloña Mendiri

2023·06·05


Intxurreko gizonezkoen erregional mailako taldeak Gipuzkoako kopa irabazi du. Alegiarrek Aloña Mendiren aurkako finala jokatu zuten larunbatean Bergaran eta 2 eta 0 irabazi zuten. Partidaren hasieran sartu zuten lehen gola Intxurrekoek eta alde horrek eman zien lasaitasunarekin jokatu ahal izan zuten. Bigarren zatian heldu zen bigarren gola eta aurkariaren eraso ahaleginei ondo eustea lortu zuten. Egoi Irazustabarrena eta Hatime izan ziren goleatzaileak.

Alegiatik ehun bat zale inguru joan ziren Bergarako finalera eta horrek ere lagunduko zien jokalariei helburua lortzen. Intxurretik eskerrak eman nahi zaizkie denei.

Iluntzean plazan egin zuten denboraldi amaierako festan behar bezala ospatu zuten. Ohi bezala, hainbat jokalari saritu zituzten.

27 urteren ostean

1995-1996 denboraldian lortu zuen Intxurrek lehendabiziko kopa. 27 urteren ostean, taldea bolada oso onean sartuta dagoela berresten dute aurtengo lorpenek. Erregionalen kopaz gain, jubenilek ohorezko mailara igotzea eta lehen mailako txapeldun geratzea lortu dute eta ohorezko mailako kadeteen taldeak mailari eutsi dio. Zorionak denei!!