Berriak
Atzealdea Intxurreko futbolarien bi partida ikusi ahal izango dira asteburuan Elorri zelaian
2019·10·23
Intxurreko gorengo mailako neskak eta kadete mutilak izango dira asteburuan Elorri zelaian jokatuko diren partidetako protagonistak. Gorengo mailako neskek Leintz Aloñaren aurkakoa izango dute igandean 16:00etan. Eibarren aurka 6 eta 1 galdu ostean, garaipenaren bidera itzuli nahiko dute Intxurrekoek. Kadete mutilek berriz, multzoko liderra den Realaren bisita izango dute larunbatean 11:45ean. Iragan astean Tolosan lortutako puntua ona bihurtzen ahaleginduko dira.
Bestelakoan, Aralar Intxurreko bi taldeek garaipen erosoekin ekin diote denboraldiari. Neskek zein mutilek erraz irabazi zituzten Euskaldunaren eta Urnietaren aurka. Larunbatean 9:00etan neskek Danenaren zelaian jokatuko dute eta mutilak Hernanin ariko dira igandean 10:00etan.
Erregional mutilek hiruna berdindu zuten Segura Goierriren aurka. Laugarrenak dira eta zortzigarren dagoen Urolaren zelaian jokatuko dute larunbatean 16:00etan. Jubenil mutilek Ordizian jokatuko dute egun eta ordu berean. Danenaren aurka 1 eta 2 galdu zuten azken partidan eta emaitza horri buelta ematen ahaleginduko dira. Azkenik, kadete neskek 4 eta 3 irabazi zuten Goierri Gorriren aurka. Lehen hiru puntuak batuta, emaitza bolada onari eusteko asmoz joango dira larunbatean 17:30ean Bergarara.