Berriak
Atzealdea

Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira asteburuan Elorri zelaian

Jubenil eta kadete mailetako gizonezkoen taldeak izango dira partida horietako protagonistak

2022·03·30


Asteburuan Intxurreko futbolarien bi partida ikusi ahal izango dira Elorri futbol zelaian. Jubenil mutilek kopako partida bat jokatuko dute larunbatean 15:30ean Hernaniren aurka. Urnietari 8 eta 2 irabazi zioten alegiarrek iragan asteburuan eta bigarren daude liderrarekin berdinduta, seigarren dagoen taldearen aurretik jokatu aurretik. Etxean ariko den beste taldea kadete mailako mutilena izango da. Hauek sendo jarraitzen dute. Zumaian 0 eta 2 irabazi zuten eta lider jarraitzen dute, jokaturiko guztia irabazita. Igandean 17:30ean Astigarragako Mundarroren aurkakoa izango dute.

Bestelakoan, erregional mutilek 2 eta 3 galdu zuten igoera fasean Elgoibar liderraren aurka. Amaierara bitartean saiatu ziren alegiarrak berdinketaren gola lortzen baina ezin izan zuten lortu. Zortzigarrenak dira eta larunbatean 15:30ean laugarren dagoen Amara Berriren zelaian ariko dira. Infantiletan, mutilek 0 eta 7 irabazi zuten kopan Ordizian. Bigarrenak dira eta larunbatean 12:30ean Lazkao liderraren zelaian ariko dira. Neskek 4 eta 5 galdu zuten Goierri Gorriren kontra kopan. Seigarren postuan daude eta igandean 10:45ean hirugarren dagoen Aizkorri Goierriren aurka jokatuko dute, etxetik kanpo. Gorengo mailako neskek 1 eta 4 galdu zuten kopan Usurbilen aurka. Seigarrenak dira eta asteburuan ez dute partidarik izango.