Berriak
Atzealdea

Intxurreko futbolarien bi partida jokatuko dira asteburuan Elorri zelaian

Erregionalak eta infantil mutilak izango dira partida horietako protagonistak

2022·11·23


Intxurreko futbolariek bi partida jokatuko dituzte asteburuan Elorri zelaian. Erregional mutilek Idiazabal liderraren aurka jokatuko dute ostiralean 19:45ean. Iragan asteburuan 1 eta 6 irabazi zioten Texas Lasartearrari eta laugarren postuan iritsiko dira partida horretara. Infantil mutilek ere Idiazabal izango dute aurkari, kasu honetan larunbatean 11:00etan. Alegiarrek 6 eta 0 galdu zuten Aizkorri Goierriren aurka eta bi taldeen arteko puntu berdinketa hausteko balio dezake larunbateko lehiak.

Bestelakoan, jubenil mutilek sendo jarraitzen dute lidertzan Lazkaori 4 eta 0 irabazita. Bosgarren dagoen Billabonaren zelaian jokatuko dute igandean 17:30ean. Ohorezko mailan ari diren kadete mutilek hirugarren garaipena jarraian lortu zuten Beasaini 3 eta 2 irabazita. Zazpigarrenak dira eta larunbatean 12:00etan bigarren dagoen Danenaren zelaian jokatuko dute. Azkenik, infantil neskek Intxaurdiren zelaian jokatuko dute igandean 10:30ean. Hirugarren postuan daude Euskaldunaren aurka bina berdindu eta gero.

June Bengoetxea Lopezi omenaldia

Infantilk neskek igande goizean Euskaldunaren aurka jokatu zuen partidan omenalditxo bat eskaini zitzaion June Bengoetxea Lopez gimnasta alegiarrari. Gimnasia erritmikoan aritzen da eta maila oso onean dabil, emaitza bikainak lortuz. Azaroaren 6an Gasteizen jokaturiko taldekako Euskadiko txapelketa irabazi zuen. Oroigarri bat eta kamiseta bat eman zizkioten Intxurreko jokalariek.